XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gauza bitxia iruditu zitzaion Leamasi epaitegiaren giroan, edo Fiedlerren eraginpean, bera bere arropekin egotea, Mundtek gartzelako uniformea zeraman artean.

Ez zeraman denbora askorik Leamasek leku hartan Epaimahaiko lehendakariak, mahaiaren erdian eserita, txirrina jo zuenean.

Soinuak harantz desbideratu zuen Leamasen arreta, eta dardarizo bat gaineratu zitzaion lehendakaria emakumezkoa zela ikustean.

Ezin zitzaion errurik leporatu lehenago ez konturatu izanagatik.

Berrogeitamar urte inguru zituen, begiak txikiak eta emakume betiluna zen.

Ilea gizon batena bezain motza zeukan, eta emakume sobietarrek eraman ohi dituzten tunika klasea zeraman, iluna eta funtzionala.

Begiratu zorrotz bat egin zion gelari, begiraleari atea ixteko adierazi zion keinu batez, eta segituan hasi zen hizketan, gorteari zuzentzeko inolako zeremoniarik gabe.

- Denek dakizue zergatik gauden hemen.

Prozedurak isilpekoak dira, gogoan izan.

Praesidiumak bereziki antolaturiko Epaimahaia dugu honako hau.

Praesidiumaren aurrean soil-soilik gara erantzule.

Egoki deritzogunean entzungo ditugu aitorpenak - rutina keinu bat egin zion Fiedlerri.

Fiedler kamarada, hobe duzu hastea.

Fiedler zutitu egin zen.

Mahairantz keinu arin bat eginez, ondoan zuen karteratik soka beltz batez ertz batean lotuak zeuden paper sorta bat atera zuen.

Lasai eta erraz mintzatu zen, Leamasek inoiz ikusi ez zion sotiltasunez.

Aktuazio egokia iruditu zitzaion, bere gainekoa penaz zintzilikatzen duen gizonarentzat oso aproposa.